kaixo lagunak!!!

lunes, 7 de marzo de 2011

INFORMAZIOAREN GIZARTEA


HEZKUNTZA ETA INFORMAZIOAREN GIZARTEA Gure bizitzetako esparru askotan, publikoan zein pribatuan, eragina duen globalizazio-prozesu batean gaude murgilduta. Globalizazio-prozesu hau informazioaren teknologia berriei esker gertatu da, erabateko iraultza izan dira. Informazioaren teknologia berrien inguruan sortu den gizarte berriak baztertu egin du industria-gizartea. Informazioaren edo ezagutzaren gizarte gisa ere ezagutzen den gizarte hau aurrekaririk ez duen iraultza teknologiko baten barruan sortu zen 70eko hamarkadan. Industria-gizartean bigarren sektorea (industria) zen nagusi eta hirugarren sektoreak (zerbitzuak) gora egin zuen, lehen sektorearen kaltetan. Gaur egun beste sektore bat garatzen ari da, laugarren sektorea edo informazio-sektorea. Sektore honetan informazioa da lehengaia. Informazioaren gizarteko ekonomiaren oinarria informazioa prozesatzea da, baita informazioaren tratamendurako baliabide teknologikoak ere. Informazio-ekonomia orokor batean gaude eta ekonomia honen sorrera joan den mendeko azken mende-laurdenean izandako iraultza teknologikoak erraztu zuen –inola ere eragin–. Informazioaren teknologia funtsezkoa da iraultza honetan, industria-iraultzetan industria-iturri berriak izan ziren moduan, lurrunezko motoretik fosilen erregaietara edota energia nuklearrera; izan ere, energiaren sorrera eta banaketa industria-gizartearen ezkutuko giltzarria izan zen (Castells 1997:57). Gaur egun, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek ekonomia-sektore guztien funtzionamendua aldatu dute eta gure eguneroko bizimoduan praktika berriak ekarri dituzte. Ekonomia honen garapenarekin batera antolakunde demokratikoagoak zabaldu dira mikro-mailan eta biztanleriaren sektore handiak merkatutik eta produkziotik baztertuta geratu dira makro-mailan. Ekonomia osoa erabat asimetrikoa da. Mundu-mailan desagertu egin da iparraldearen eta hegoaldearen arteko muga, aurretik ezagutu dugun moduan bederen. Areagotu egin da munduko inguru desberdinen artean hainbat arlotan zegoen aldea: hazkunde ekonomikoan, ahalmen teknologikoan eta gizarte-baldintzetan. Era berean, eskualdeen artean eta hiri baten barruan gizarte-bitaratze edo gizarte-polarizazio nabarmena gertatzen da. (Castells, 1997-1998/1996-1997). Informazioa aukeratzeko eta prozesatzeko ahalmena –eta, hortaz, adimen-baliabideak– garrantzi handikoa da gizarte berri honetan. Ahalmen hauek ez dituzten pertsonak baztertuta geratzen dira. Zehazten den gizartean hezkuntza funtsezko giltzarri bihurtzen da. Hezkuntzak informazio-baliabideetara eta produkzio-baliabideetara sartzeko aukera ematen duenez gero, aukerak ematen dituen edota bazterketa-egoerak areagotzen dituen elementu bihurtzen da. Pertsona guztiek gaitasunak ditugun arren, gaitasun guztiak ez dira berdin baloratzen. Jakintza antolatzeko, kodetzeko eta transmititzeko modua bat dator talde pribilegiatuen moduarekin. Talde hauek ezartzen dituzten trebetasunak menperatzen ez dituzten pertsonak informazioaren gizarteko esparru desberdinetatik baztertuta geratzeko arriskuan izango dira. (CREA, 1995-1998). Horrenbestez, pertsona guztiek jakintzen lorpenean oinarritzen den heziketa izan dezaten errazteaz gain, hezkuntzak beharrezko trebetasunak garatzeko aukera eman beharko du. Informazioa aukeratu eta prozesatzea, autonomia, erabakiak hartzeko gaitasuna, talde-lana, balioaniztasuna, malgutasuna eta antzeko beste trebetasun batzuk ezinbestekoak dira gizartearen hainbat testuingurutan: lan-merkatuan, kultur jardueretan eta gizarte-bizitzan oro har. Espainiako estatuan XX. mendeko azken bi hamarkadetako hezkuntzan eraginik handiena izan duen hutsegiteetako bat hezkuntzak informazioaren gizartean duen zereginari buruz gogoeta ez egitea izan da. Nahikoa izango da garai hartako hezkuntzaren arloko liburu, aldizkari eta plangintzetan begiratzea irakaskuntza informazioaren gizarte batera egokitu nahi zela antzemateko, nahiz eta informazioaren gizarte hori aztertzen eta aipatzen ez zen. Liburu-dendetan informazioaren gizarteari buruzko produkzio oso zabala aurki zitekeen (esate baterako, Naisbitt eta Castells-en lanak) Halaber, hainbat taldek (CREAk kasu) informazioaren gizartean nagusitzen ari zen gizarte-ereduaren ondoriozko desberdintasunak aztertzen zituzten, hau da, informazioaren gizartea sartzeko modua eta hezkuntzak gizarte honetan zuen zeregina aztertzen zuten. Eskola-porrotaren arazoa eta eskoletan gertatzen diren bizikidetasun-arazoak gainditzeko ezinbestekoa izango da neska-mutil guztiek informazioaren gizartean baztertuta ez geratzeko behar dituzten ikaskuntzak ahalbidetuko dituen hezkuntza garatzea. 2001. urtean 10 edo 16 urte bete dituzten gazteek 30 edo 36 urte izango dituzte 2021. urtean. Aurreikus daitekeenaren arabera ordurako Euskadin euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz ez dakienak gizarte-bazterketa jasateko arriskuan izango da. Familia akademikoak, hau da, unibertsitate-titulua duen pertsona bat gutxienez izango duten familiak gero eta gehiago ari dira helburu hori lortzen bere seme-alabekin. Zergatik ez dute eskubide bera izango eta aukera bera izango akademikoak ez diren familia guztiek, behartsuak edo nagusi ez diren kultur taldeetako kide badira ere? 2.1. Industria-gizartea informazioaren gizarte bihurtzeko faseak Lehen fase batean sektorerik trebeenek gidatzeko konfiguratu zen informazioaren gizartea, gainerako sektoreei langabezia, azpiokupazioa edo gizarte-laguntzetatik bizitzea zegokien. Garai hartan sustatu ziren hezkuntza-dinamikek gizarte-bazterketa gainditzeko ezinbesteko ikaskuntzez kanpo uzten zituzten sektore asko eta, horretarako, aniztasunerako egokitzapenaren aitzakia jarri zuten. Ijitoak, arabiarrak edo behartsuak baziren, “gaztelania pixka bat eta kontuak egiten” irakastearekin nahikoa egiten zela pentsatzen zen. Gaur egun, ordea, pertsona guztientzako informazioaren gizartea bilatzen da eta horretarako hainbat arrazoi dago. Testuinguru honetan, hezkuntzak berriro indartu du berdintasunezko helburua eta neska-mutil guztiek informazioaren gizarteak eskatzen dituen ikaskuntza guztiak eskuratzeko aukera izan dezaten beharrezko aldaketa guztiak egitea aztertzen ari da. Hezkuntza-praktikarik onenek ez dute gaur egungo eskolarekin zer egin daitekeen aztertzen; aitzitik, ikasle guztiek gizarte-bazterketaren eta hezkuntza-bazterketaren langa gaindi dezaten lortzeko eskolan egin beharreko aldaketak aztertzen dituzte. Hasierako fasean “aukeratutako” pertsonei zuzendutako informazioaren gizartea planteatzen zen, gizarte-arloko darwinismoaren hizkuntza gogoraraziz. Ez zuen axola ikasle batzuek erritmoari jarraitzea eta beste batzuk pixkanaka baztertuta geratzea. Lehenik taldearen beraren barruan atzeratuta zeudenak bereizten ziren, ondoren ikastetxe bereko beste gela batera eramaten ziren eta, azkenik, ikastetxetik kanpo zeuden unitateetan sartzen ziren. Honela, oharkabean, bazterketa-ibilbideak eraiki ziren, bizikidetasun-arazoak sortu ziren eta, azkenik, delinkuentzia. Bereizte-praktika hauek oso emaitza negatiboak izan dituzte eta kostu ekonomiko eta sozial handia eragin dute. Jakina, praktika hauek babesten zituzten eta beren alde onak aldarrikatzen zituzten pertsona guztiek ez zituzten beren seme-alabak egoera horretan ikusi nahi. Pertsona guztientzako informazioaren gizartean aldagai independentea ondokoa litzateke: hezkuntzako profesionalok gure seme-alabentzat nahi ditugun ikaskuntza-prozesuetan ikasle guztiek barne hartzeko aukera izatea. Hezkuntza-sistema osatzen duten elementuak menpeko aldagai bihurtzen dira, guztiak alda daitezke eta aldatu behar dira, betiere familia guztiek eskolari eskatzen diogun helburua lortzeko beharrezkoa baldin bada. Aukeratutako pertsonentzako informazioaren gizartean, familia akademikoak gure seme-alabentzako goi-mailako hezkuntzako titulazioak ziurtatzen saiatzen ginen eta, askotan, gainerakoentzat aukera horretaz baztertzen zituzten ibilbideak babesten genituen. Aukera "darwinista" hau babesteko egiten ziren diskurtsoek ez zuten datuen froga gainditzen, baina kontzientzia asko lasaitzeko baliagarriak ziren. Hauen artean unibertsitatea langabetuen fabrikatzat jotzen zuen diskurtsoa nabarmen dezakegu; izan ere, informazioaren gizartean lanposturik onenak goi-mailako titulazioa (unibertsitatekoa edo goi-mailako lanbide-heziketakoa) duten pertsonek nagusiki bereganatu dituzte herrialde guztietan. Unibertsitateko langabezia deritzana 30 urtetik beherako adin-multzoetan metatzen da, hau da, lan-merkaturatzeko epea luzatzearen ondoriozkoa da hein handi batean. Hezkuntza-arloko eta gizarte-arloko desberdintasunen beste muturrean, berriz, bigarren hezkuntza amaitzen ez duten pertsonak langabeziarako, azpiokupaziorako eta legez kanpoko ekonomiarako hautagai nagusi bihurtzen dira. Berdintasunaren helburua indarberritu egiten da guztientzako informazioaren gizartearen planteamenduan; neska-mutil guztiek –bere gizarte-jatorria edo kultura edozein izanik ere– familia akademikoek gure seme-alabentzat nahi ditugun ikaskuntzak lortzeko aukera izango dute, horretara bideratutako hezkuntza-ibilbideak jarraitu ahal izango dituzte. .




No hay comentarios:

Publicar un comentario